100 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten MONTCLIMAren 2. mintegian, baso-suteak SUODEko mendietan aztertuz.

Hemen zaude

100 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten MONTCLIMAren 2. mintegian, baso-suteak SUODEko mendietan aztertuz.

  • 03 Jun

Lurraren Munduko Egunarekin batera, 2021eko apirilaren 22an “Baso-suteak SUDOE espazioan kudeatzeko eta prebenitzeko estrategiei” buruzko bigarren nazioarteko mintegia egin zen, Leirian, Portugal. Topaketa Leiria Eskualdeko Udal arteko Komunitateak (CIMRL) hartu zuen, proiektuaren erakunde bazkide gisa. 9:30etik 14:00etara, kanpoko eta Montclimari atxikitako hizlari ugarik baso-suteei buruzko jasotako azken datuak konpartitu zituzten, eta kudeaketa-praktika egokiei buruzko informazioa trukatu zuten, hego-mendebaldeko lurraldek arriskuaren eta baso-suteen aurrean duten erresilientzia handitzeko xedez.

Parte-hartzaileei ongietorria egiteko, Klima-aldaketaren Pirinioetako Behatokiko koordinatzaile Eva García-Balaguerrek azpimarratu zuen zein den Montclima proiektuaren oinarria,  alegia, SUDOE mendietako arrisku naturalen koordinazio, kudeaketa eta prebentzioari buruzko esperientziak eta jardunbide egokiak kapitalizatzea. KAPBko Koordinatzaileak azpimarratu zuenez, MONTCLIMA 5 kasu pilotuz eta ezagutza zein esperientzien transferentziaz baliatzen da SUDOE lurraldearen erresilientzia hobetzeko. 

Irekiera instituzionalean, Diogo Mateusek (Portugalgo Naturaren Kontserbazio, Baso eta Lurralde-antolamendurako Estatu Idazkariaren izenean) azpimarratu zuen lankidetzak eta udal planek baso-kudeaketa egokitzailean duten garrantzia, mendiko lurraldeen erresilientzia suteen aurrean hobetzeko. Mateusek nabarmendu zuenez, horretarako funtsezkoa da lurralde-eragile guztiak eta biztanleria inplikatzea. Horixe da modu bakarra beharrezkoa den oreka lortzeko, hau da, garapen sozioekonomikoa eta ingurumenaren babesa bateragarri egiten duen oreka lortzeko.

Marc Castellnou (Baso-ekintzari Laguntzeko Taldea –GRAF-, Generalitateko suhiltzaileen kidegoko partaidea), berriz, seigarren belaunaldiko suteek ekarri diguten paradigma berria azpimarratu zuen. Bere esanetan, gure basoek estresa pairatzen dute, eta, hortaz, errazagoa da intentsitate handiko eta ezin iragarrizko suteak gertatzea. Horren arrazoi nagusiak dira krisi klimatikoa eta Mediterraneoko arroan egiten ari den lurraldearen kudeaketa.


Kolore gorriz adierazten da zer eremuetan aldatu den  suteen eredua azken hamarkadetan, kontrol zailagoa duten egoeretara pasatuz

Egoera hori Europako hego-mendebaldeko gainerako lekuetara hedatu liteke; izan ere, udak gero eta beroagoak dira, negu euritsuen ostean, eta horrek biomasa asko sortzen du, eta, gainera, biomasa hori ez da modu egokian kudeatzen. Marcen arabera, hori konpontzeko gakoa da lurraldea kudeaketa egokitzailerantz bideratzea, eta, orokorrean, ekonomia zirkularrerantz. Alde horretatik, Castellnouren arabera, paisaiaren dibertsitatea arazo horren konponbidearen zati da.

Remi Savazzik (basoak suteen aurrean defendatzeko frantziar agentzia – ONF, DFCI) Pirinioetako ipar isurialdeaz hitz egin zuen; bere esanetan, suteak bi garaitan kontzentratzen dira bereziki: uda eta neguaren hasiera.


Ekialdeko Pirinioetako departamenduko suteen aldi gorenen estatistikak.

Remik azpimarratu zuenez, garrantzitsua da oso ondo jakitea zein diren intzidentzia handieneko garaiak eta zein diren arrisku-eremuak. Funtsezko elementuak dira ahaleginak prebentzioan modu egokian kontzentratu ahal izateko. Alde horretatik, Savazzik neguko suteen jarraipena hobetzeko (Eklosioa – Hedapena) garatzen ari diren zenbait indize espezifiko erakutsi zizkien parte-hartzaileei. Gainera, azpimarratu zuen badela alderantzizko proportzionaltasuna duen korrelazio bat mendialde horretako sute kopuruaren eta neguko elurte mailen artean.

 


Sute-arriskuaren aurrean bereziki sentikorrak diren eremuei buruzko hasierako emaitzak, Pirinioetako ipar isurialdean.

Beste alde batetik, Carlos Guerra (CDOS – Leiria Barrutiko Sorospen Operazioetarako Komandoa) bideo bat aurkeztu zuen, 2017ko suteen ostean Leirian antolatu den bideo-zaintzako mekanismo berritzaileari buruzkoa. Sistemak 9 estazio ditu eta 2 zaintza-dorrez indartuta dago; gainera, irrati-maiztasunaren bidezko komunikazio-sistema propio bat du, guardia errepublikano eta babes zibileko zentroarekin konektatuta. Oso osagarri egokia da zaintza-sistema tradizionalerako.

 

Konklusio gisa, Guerrak nabarmendu zuen prestaketa eta prebentzioa ondo zehaztea dela sute-arriskuari erantzuteko modurik onena, zeren esku-hartzea errazten eta azkartzen baitute suteen hasierako faseetatik.

Noemí Palero (Kataluniako Baso Jabetzaren Zentroa) adierazi zuen nola kudeatu daitezkeen basoak sute-arriskua tokiko eskalan murrizteko, Kataluniako adibideaz baliatuz.

Azpimarratu zuenez, Katalunian azken urteetan egindako mendialde mailako plangintza berriari esker eraginkortasun handiagoko prebentzio-azpiegitura berriak abiatu dira, eta horrek hobetzen du puntu estrategikoen identifikazioa, suteei eman beharreko erantzun goiztiarrari begira. 6 urtetik hona, funtzio anitzeko ereduak produktiboak-prebentiboak) inplementatzearen alde ari dira lanean, baso-ustiapenaren helburuak suteen prebentzioarekin uztartzeko xedez.



ORGEST ereduaren egitura.
 

Zenbakizko eredu dinamiko mota honek ahalbidetzen du ekoizpena eta prebentzioa integratzea. Ahaleginak egiten ari dira eredu hau beste ekoizpen-jarduera batzuetara estrapolatzeko, helburu prebentiboa edo produktiboa lehenesteko aukera integratuz, beharren arabera.

Diana Pascualek (CREAF) modu laburrean azaldu zuen MONTCLIMA proiektuan inplementatzen ari diren 5 kasu pilotuetako bat. Montnegre-Corredor mendialdean kokatutako (15.000 ha) eremu pilotu honetan egiten dena da baso-kudeaketa egokitzaileko neurriak aplikatzea, funtsezko eremu horretan, horren bidez sute-arriskua mendialde osoan murrizteko. Jardueren asmoa da nekazaritza eta artzaintzako mosaikoa berreskuratzea, eremu pilotuaren erresilientzia hobetzeko baso-suteen eta muturreko gertaera klimatikoen aurrean. Jarraipen-sare bat ezarri da, baso-masak jardueren ostean izan duen bilakaera ezagutzeko (8 behaketa-lurzati, aldagai fisiko nagusien jarraipena egiteko sentsoreekin). Orain arte eskuratutako datuetatik ondorioztatzen dena da erregaiaren hezetasunak alderazizko proportzionaltasuna duela biomasaren erregaitasunarekin; ikusi da, halaber, hezetasun hori nabarmen areagotzen dela eremu pilotu horretako kudeaketan aplikatutako egokitze-neurriekin. 


Baso-suteak prebenitzeko xedez nekazaritza, basogintza eta artzaintzaren alorreko neurriak aplikatzearen inguruan MONTCLIMA kasu pilotuan egindako ekintzen laburpena

Antonio López Santallak (MITECO) Arbaria proiektua aurkeztu zuen; beraren helburua da aldagai sozioekonomikoak aztertzea, baso-suteen prebentzioaren funtsezko elementu gisa.

Identifikatu ote daitezke suteen gertaera aurreikusi dezaketen faktore sozioekonomikoak? Arbaria proiektuak zenbait gako aurkitu ditu.

Gizartearen alorreko elementu jakin batzuek korrelazioak erakusten dituzte zentzu horretan. Horrelako azterlanetarako, funtsezkoa da gertatutako suteen inguruko datu-serie luzeak izatea. Azterlan horren arabera, suteen % 40k baditu patroi sozioekonomiko garbiak (sexua, adinak, errenta, langabezia, enpresak edo nekazaritza-azalera erabilgarria), baina badira desberdintasunak lurraldeen artean. Informazio estatistiko horri esker, baso-suteen gaineko ezagutza hobetu ahal izan da eta sute horiek faktore sozioekonomikoekin duten kausazko lotura frogatu. “Hori kontuan hartzea da prebentzioaren alorrean aurrea hartzeko modu bakarra, lurraldearen eta bertako biztanleriaren kudeaketarekin".

David Miqueleizek (Nafarroako Gobernuaren ingurumen-ikerketa taldearen burua) hizpide izan zuen giza faktoreek baso-suteen kausa nagusi gisa duen garrantzia, eta 2021eko neguan Nafarroaren eta Nouvelle Aquitaniaren artean gertatutako nazioz gaindiko sutearen kasua aipatu zuen. Kausak argitzera zuzendutako ikerketaren koordinazioa 3 polizien bidez gauzatzen ari da, kidego horiek koordinatzeaz arduratzen den mugaz gaindiko talde baten bitartez. Miqueleizen esanetan, suteen kasuen ikerketa da neurri zuzentzaile eraginkorrak hartzeko gakoa. Halaber, suteen motibazioak funtsezkoak dira neurri prebentibo egokiak ezartzen laguntzen duen adierazle-koadro bat ezartzerakoan.


Polizia eta Aduanak Kontrolatzeko Zentroa (CCPA), Nafarroa, Euskadi eta Frantziako agintaritza eskudunen jarduerak koordinatzen dituena.

Bukatzeko, mahai-inguru bat egin zen, eta beraren bitartez parte-hartzaileek gako-ideia batzuk plazaratu zituzten.

David Miqueleizek esan zuen garrantzitsua dela paisaia mosaiko moduan mantentzea, baina hori kontrolarekin egin behar dela, legediaren barruan. Carlos Guerrak, berriz, komunitate zientifikoak eta kudeaketa eta prebentzioaren alorrean ardura duten gainerako eragileek duten eginkizuna nabarmendu zuen, alegia, prebentziori buruzko ezagutza modu argi eta laburbilduan transmititzeko eginkizuna.   Halaber, garrantzitsua da antzinako nekazaritza-praktiken gaineko ezagutza eguneratzea, zeren zabarkeriaz errepilkatzen ari baitira. Michel Castanek hizpide izan zuen larreak kudeatzeko praktika jakin batzuk garai hauetan aplikatzearen arriskua, hala nola erreketa kontrolatuak; izan ere, horrelako lanbideak bertan behera uzteak pertsonal gutxiago izatera eramaten du, eta, hortaz, arrisku handiagoa dago suteak kontrolik gabe hedatzeko. Naomi Paleroren esanetan, paisaia planifikatzea da jarduerak lehenesteko gakoa. Alde horretatik, bereziki garrantzitsua da basogintza eta nekazaritza zeregin horretan batzea, mosaiko moduko paisaia erresilienteak sortzeko, zeren hori lagungarria baita suteak prebenitzeko. Azkenik, Remi Savazzik esan zuen garrantzitsua dela oraingo prebentzio-baliabideak egoera aldakor berrira egokitzea, bai klima-aldaketei dagokienez eta bai aldaketa sozial eta ekonomikoei dagokienez.

Jardunaldiko ponentziek argi utzi zuten beharrezkoa dela suteen arriskuari diziplina anitzeko ikuspegi batetik heltzea. Ukaezina da gizartea, ekonomia eta ingurumena estu lotuta daudela elkarrekin. Horregatik, baso-suteen kudeaketa eta prebentzioari heltzeak ikuspegi sortzaile berri bat eskatzen du, sortu berri diren erronkak integratuz:  klima-aldaketa, ingurumen-babesa, alderdi sozioekonomikoak eta, orokorrean, lurraldearen kudeaketa.

Archivo

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri