Turismoa

Hemen zaude

Turista askorentzat, jomugako klimaren baldintzek bidaiaren programazioa zehaztu dezakete, programazio hori, betiere, aurreikusitako jarduerak egiteko jomugan baldintza egokiak aurkitzera bideratzen baitute.

Klimaren aldaketak jomuga turistikoen erosotasun termikoaren baldintzetan aldaketak eragiten ditu. Bestalde, klimaren aldaketak eragindako klima aldakortasun handiagoak eski alpinoa bezalako jarduera turistiko jakin batzuk egiteko beharrezkoak diren baldintzak alda ditzake. Turismoari eragin diezaiokeen beste faktore bat klimaren aldaketak eragindako ingurumen aldaketa garrantzitsuekin erlazionatuta dago; aldaketa horiek testuinguru ondorio negatiboak dituzte, eta eragina dute Pirinioetako jomugek turismoaren ikuspegitik duten erakargarritasunean.

Klimaren aldaketak sektore horretan izan dituen eraginen artean, Klimaren Aldaketarako Pirinioen Behatokitik honako hauek nabarmentzen ditugu:

Eski estazio batzuek neguan turismorako duten erakarpenaren murrizketa

Neguko turismoa da diru iturri nagusia eta tokiko garapenaren indar eragilea Pirinioetako gune askotan. Hala ere, azken urteotan, sektore hori oso urrakor agertu da klimaren aldaketaren ondorioen aurrean.

Joan den mendean neguko batez besteko, gehieneko eta gutxieneko tenperaturak nabarmen igo zirenez, eski alpinoaren modalitateak normaltasunez egin ahal izateko moduko elur-pilaketa erakutsi duen egun-kopurua gutxitu egin da, eta, gainera, elurraren metaketa-lerroa kota garaiagoetara migratzen ari da.

Eski denboraldia hasteko data ere pixkanaka atzeratzen joan da (elur naturala egotearen arabera), 5 eta 55 egun arteko atzerapenekin kota baxuko estazioetan eta 5 eta 30 egun bitarteko atzerapenekin kota ertaineko estazioetan. Aldaketa horrek ondorio ekonomikoak ditu, oro har urteko diru-sarreren murrizketa dakarrelako. Elur-denboraldiaren hasieraren atzerapena turismo-eskari handieneko denboraldiarekin bat datorrenez, eski-estazioak era sistematikoan behartuta daude elur artifizialera jotzera operatibo egoteko, eta ondorio ekonomiko garrantzitsuak dituzte energia-gastuarengatik, elur artifiziala hornitzeko ekipoei lotutako mantentze-kostuarengatik eta gero eta eskari hidriko handiagoari lotutako ingurumen-kostuengatik.

Bestalde, neguko tenperaturak gora egin ahala, elur artifiziala modu eraginkorrean ekoizteko ahalmena ere gero eta txikiagoa izango da.


Pirinioetako eski-estazioetan jarduteko gaitasunaren bilakaera, elur artifiziala ekoiztu gabe eta elur artifiziala ekoiztea barne, bi denbora mugaegunetarako eta etorkizuneko agertokietarako (+2ºC, 2051-2070erako, eta +4ºC, 2071-2100erako). Puntuen koloreak estazioek agertokien arabera jarduteko duten gaitasunari buruzko aurreikuspenei egiten die erreferentzia. Urdinez, operatzeko ahalmenarekin jarraituko duten estazioak; horiz, elur artifiziala sortzen badute jarduteko gaitasunari eutsiko dioten estazioak; eta gorriz, elur artifiziala sortu arren aritzeko zailtasunak izango dituzten estazioak. Puntuen tamaina aztertutako urtaro bakoitzak urtean jasotzen duen eskiatzaile kopuruarekiko proportzionala da. Iturria: Pons et al. 2015.

 

Klimaren aldaketak neguko turismoan duen eraginari buruzko azterketak ez dira oso pozgarriak sektorearentzat, baina garrantzitsua da gogoraraztea Pirinioetako estazioek alde nabarmenak izan ditzaketela klimaren aldaketarekiko sentsibilitate eta urrakortasun mailan, ezaugarri geografikoen, topografikoen eta kudeatzaileen arabera. 

 

Paisaiaren elementu ikonografikoak aldatzea eta zerbitzu ekosistemikoak ematea

Klimaren aldaketak turismo-sektorean duen beste eragin mota bat paisaian gertatzen diren aldaketekin lotuta dago, eta, bereziki, goi-mendiko paisaiaren elementu ikonografiko batzuen degradazio-prozesua bizkortzearekin, zohikaztegiak, glaziarrak eta lakuak, besteak beste.

Bestalde, berotze globalak Pirinioetako bioaniztasunean izan ditzakeen ondorioek (basoetako aldaketa fisiologikoak, landare-komunitateak goi-kotetara mugitzea edo bioaniztasuna murriztea) Pirinioetako paisaiek ikusmenerako duten erakargarritasuna murrizten lagun lezakete. Basoetan suteak izateko arriskua handitzeak ere eragina izan dezake basoak aisialdirako erabiltzean, eta ibai eta erreka batzuk lehortzeko edo uraren kalitatea jaisteko aukerak ere handitu daitezke.

Monte Perdido glaziarraren irudia, 1981eko udan (ezkerrean) eta 2011ko udan (eskuinean). Iturria: Lopez-Moreno et al., 2016

 

 

 

Turismo-azpiegituretako arriskua handitzea fenomeno hidrologikoetan, geologikoetan eta muturreko klima gertaeretan

Klimaren aldaketak arrisku hidraulikoetan duen eragina eta muturreko klima-gertakarien ondoriozko arriskuak ezegonkortasun-elementu gisa agertzen dira, eta horiek Pirinioetako turismoaren sektorearekin zuzenean edo zeharka lotutako azpiegiturei (hotel multzoak eta landa-apartamentuak, babeslekuak, telekomunikazio-instalazioak, mendiko errepideak eta turismo-bideak) kalte handiak eragiteko gai dira, eta, zenbaitetan, toki horietako biztanleen integritatea arriskuan jartzeko gai ere izan daitezke.

Turismoaren sektorean arrisku hidraulikoak eta meteorologikoak areagotzeak izan ditzakeen ondorioek, pertsonei zuzenean eragindako kalteak, eta ostatu-instalazioei eta turismo-azpiegiturei eragindako kalteak barne hartzen dituzte. Klimaren aldaketaren ondorioz beren portaera gehien alda dezaketen fenomeno hidrologikoen eta geologikoen artean prezipitazio handien maiztasunak eragindako bat-bateko uholdeak, eta klimaren aldakortasun handiagoak eragindako izozte eta desizozte zikloen gorakadarekin erlazionaturiko luiziak edo lur-irristatzeak daude.

 

 

 

Mendiko turismo urtaroaren luzapena

Klimaren aldaketak eragin positiboak ere izan ditzake mendiko turismoan. Udako urtaroaren luzapenak eta udaberrian eta udazkenean joera leunagoko tenperaturak egoteak, gutxieneko tenperaturen jaitsierarekin batera, mendiko jomuga turistikoen aukeraketa handitzea ekar lezake, tenperatura altuen ondorioz hain erosoak ez diren beste jomuga batzuen kaltetan.

Horrek abantailak ekar liezazkieke Pirinioei lehia-terminoetan, eguzki eta hondartza turismo-eremuen aurrean, turistek beraien oporretarako itsasertzeko eremuen ordez mendialdeak gero eta gehiago aukeratzen dituzten heinean. Izan ere, toki horietan, batez besteko eta gehieneko tenperatura altuagoek nabarmen murriztu dezakete kota baxuetan ematen den klimaren egokitasuna.

 

 

 

Ondorioak

Pirinioetako turismo-sektoreak urrakortasun handia du klimaren aldaketaren eraginaren aurrean. Aurreikusitako eraginen garrantzia, neurri handian, sektoreko eragileek hartutako egokitzapen-estrategien araberakoa izango da, eta baita horiek egokitzapen-kudeaketa aurrera eramateko duten gaitasunaren araberakoa ere.

Sektoreak klimaren aldaketaren ondorio negatiboen aurrean erresilientzia areagotzeko dituen erronka nagusien artean, hauek azpimarratu behar dira:

  • Turismo-garapeneko ereduak berregokitzea sektorearen erresilientzia indartzeko, etorkizunean eskiatzeko moduko egunen kopurua gutxitzearen eta horren jarduerak ingurumenean duen presio handiagoaren aurrean, eta, gainera, sortzen ari diren aukerak indartzea.
  • Azpiegitura turistikoen urrakortasuna murriztea muturreko gertaera hidrologikoen, geologikoen eta klimatikoen balizko gehikuntzaren aurrean, eta turisten integritate fisikoa bermatzea;
  • Ingurune naturala kudeatzeko estrategiak eta planak indartzea Pirinioetako ekosistemen eta bioaniztasunaren urrakortasuna murrizteko, arreta berezia emanez goi-mendiko ekosistema sentikorrei (ibarrak, glaziarrak, zohikaztegiak, etab.);
  • Turismo-sektorean baliabide hidrikoen kudeaketa orekatua ziurtatzea, euri-urak elikatutako arroei arreta berezia emanez.

Geoatarira sartu

 

 

 

 

Sartu

KLIMAREN ALDAKETAREN PIRINIOETAKO BEHATOKIA

Avenida Nuestra Señora de la Victoria, 8
22.700 - Jaca
Huesca - Espainia

+34 974 36 31 00
info_opcc@ctp.org

Harremanetan jarri